XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Paueko Euskaldunen biltzar nagusia

Euskal-Herritik urrun joaiten diren euskaldunak elkarretaratzen dira eta gauza hori ez da nehorentzat harrigarri.

Euskal-Herritik urrun ez direnek, departamendu berean direnak bainan mendi-aldean ez itsas aldean, Biarnoan, ez Euskal-Herrian nahi izan zuten hek ere elkarretaratu eta duela hamasei urte batasun bat egin zuten, eman baitzioten izena: Lagunt eta maita, Pauen eta Pauetik hurbil bizi diren euskaldunak biltzen dituela.

Otsailaren 5-ean zuen batasun horrek bere biltzar nagusia.

9-ak eta laurdenetan meza nagusia, Saint Louis de Gonzague elizan; Betharrameko ikastetxeko buruzagiak, Segure jaun apezak kantakuz, La voix du Béarn irratiak zabaltzen zuela.

Jende alde ederra bazen, denek gogotik kantatzen zutela koralaren ondotik.

Gero, denak bildu gira.

Casino-ko sala haundian eta han presentatuak izan dira batasunaren lanak.

Etxebarne jaun presidenta mintzatu da lehenik deneri oroitaraziz nola sortu zen Lagunt eta maita eta nola bizi den.

Haren ondotik mintzatu dira Espil, Dascon, Saint Esteben, Poey jaunak eta Irigoyen anderea, bakotxa bere sailean.

Espil jaunak erran ditu kazeta egilearen lanak eta arrangurak.

Urtean lau aldiz agerar-azten dute kazeta bat; hunek Euskal-Herriaz aipatzen du, Paueko euskaldunen gertakariez eta bertze.

Bainan laguntza eskas dute paper hori prestatzeko eta jendeak guti ihardesten du.

Dascon jauna mintzatu da haren ondotik.

Hau okupatzen da dantzariez.

Joanden udan egin dute Frantzian itzuli eder bat, Nimes, Strasbourg, Compíegne, Reims, Loudun eta bertze herri ainitzetan, deneri erakutsiz Euskal-Herriko dantza ederrak.

Dantzariekin batean ziren kantariak, bazterrak eta bihotzak alegeratzeko.

Irigoyen anderea mintzatu da gero pilotaz.

Etxebarne trinketa ez da sekulan hutsik egoiten.

Ttiki eta haundi, gizon ala emazte, jokatzen dira gogotik.

Pilotako eskolak errekesta haundia badu.

Gero eta gehiago emazte ari dira joko hortan.

Aurtengo zoingehiagoka hasi da otsailaren 25-ean.

Saint Esteben jauna hizkuntzaren buruzagia da eta hartaz mintzatu da.

Duela sei urte, hasi zirelarik hizkuntzaren erakaspenak, jende ainitz etorri zen ikasterat.

Geroztik ttikituz doa nonbrea.

Aurten lan haundia izan dute irakasleak atxemaiteko, bereziki hirugarren maileko.

Bainan borondate oneko batzu etorri dira.

Poey jaunak erran ditu hitz batzu museko xapelgoaz, hasi baita otsailaren 24-ean.

Azkenik Etxebarne jaun presidentak agertu ditu konduak, kondu onak eta berri on horren ondotik biltzarra bururatu da, aperetifa hartzeko orena baitzen.

Kantariek airostu dituzte denak eta oturuntza eder batek elkarretaratu ditu 450 euskaldun omore onean, dantzan eta kantuz.

Segi hola, Lagunt eta maita. M.I.

Euskal-Herriko fededunak Baionako Katedralerat martxoaren 18-an

Urte saindu honek badu girixtinoentzat zernahi urrats eta elgarretaratze: batzu Erromarat joanen dira Asisin gaindi (martxo honen 25ean).

Besteak badira Lur Sainduetarat edo Jondoni Pauloren bideetan gaindi ibiliko direnak.

Gu aldiz, gehienak, hemen egonen baigare, egun baten komita bederen badugu, igande aratsalde batez.

Martxoaren 18-an, aratsaldeko hiruak eterditan haste, Baionako Katedralea izanen dugu zinez euskaldunen eliza nagusia.

Meza nausi eder bat ukanen dugu euskal koraletako kantariekin eta diosesako apezpikuarekin.